WEBGUNE BERRIA

2011-03-14

Ganekogortan zentral eoliko bat eraikitzeko tramitazioa hasi da. (www.aiaraldea.com)

Eskualdeko hainbat talde ekologistek plazaratu bezala, Larragorri/Jesuriko  zentral eolikoa onartu ostean, eskualdean eraiki nahi dituzten beste zentral eolikoen proiektuak aurrera jarraitzen dute.

Pasa den martxoaren hamaikan, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, Ganekogorta mendigunean eraiki nahi dituzten 12 aerosorgailuen proiektuari buruzko iragarkia agertu zen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailek eskatuta. Honen bidez, jendaurrean erakusgai jartzen da «Ganekogortako Parke Eolikoa» instalaziorako administrazio-baimenaren eskaera-espedientea eta ingurumen inpaktuko deklarazioa, Güeñesko, Alonsotegiko, Arrigorriagako, Arrankudiagako, Bilboko eta Okondoko udalerrietan.
Ekologistek gogorki salatu berri duten proiektu hau, Eólicas de Euskadi, SA. enpresaren eskari bat da eta energi elektrikoa ekoiztea du helburu. Instalazioen ezaugarriei dagokionez, aerosorgailu kopurua 12koa izango da eta unitateko potentzia 850 kW. Parkearen potentzia osoa 10,2 MWkoa eta urtean aurreikusitako ekoizpen osoa 26.716 MWh/urtekoa.



Zanpazu Bizirik aiaraldeko ingurumenaren babesaren alde jarduten duen asanbladak, berriro salatu du EAEn ezarri nahi den moduan, energia eolikoa ez dela jasangarria eta ez dela ditugun energia arazoen konponbidea.
Proiektatutako zentral berri honetan, aerosorgailu bakoitzaren altuera 55 metrokoa izango da eta errotaren diametroa 52 metrokoa, orotara Larragorri/Jesuriko  zentralean eraiki nahi dituztenak baino 45,5 metro txikiagoak.

Bertako lurrazpiko kanalizazio elektrikoaren luzera, guztira 3.645 metro izango ditu eta bertatik hurbil, Ganekogorta Sekzionatze Zentroa eraikiko da. 200 m2-ko eraikina 30 kV-ko apareilaje elektrikoarekin, airesorgailuen zirkuitua biltzen duena, eta bertatik energia-ebakuazioa abiatzen delarik. Eraikin horretan Parke Eolikoaren instalazioaren eragiketa eta mantentze-lan guztiak ere egingo  dira proiektura aurrera badoa . Energia-ebakuazioko 30 kV-ko (Zirkuitu Sinplea) linea elektrikoa, Ganekogorta Sekzionatze Zentrotik Alonsotegi-Larraskitu lineako Artibako urtegirako deribazioaren 15. euskarriraino joango da.

Aiaraldeko naturgune eskasek jasango duten eraso konponezinen aurrean, Zanpazu Bizirikek eta bestelako erakunde eta elkarteek , hurrengo apirilaren 16an egingo duten aldarrikapen mendi ibilaldian parte hartzeko deialdia luzatu dute eta proiektu honen aurkako alegazioak apirilaren 11 baino lehenago aurkeztu behar direla gogoratu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario